KRANBA! gara

KRANBA! Dena okupatzeko

Izena duenak izana du. Eta gu ez gara Abya Yalako jatorrizko herritarrak. Kolonialismoaren historia luze eta krudelean euskaldunok lubakiaren bi aldeetan egon gara, ozeanoaren bestaldera begiratu besterik ez dago, han utzi ditugun izen eta abizenei, sarraskiari, inposatzeei. Eta ez dugu espoliazioaren oinordeko izan nahi. Erresistitzen duten herriei gorazarre egin nahi izan genien konpartsa sortu genuenean, eta gehiegi pentsatu gabe hartu genuen izena.

Ez gatoz geure buruak zuritzera, akaso zuriegiak izan garela esatera baizik. Ez genuen gura eta hala, Europa zuri honi ihes egin nahian, bere tranpan erori ginen, dinamikak errepikatuz: apropiazioa, inposaketa, ezeztapena.

Eroso jokatu genuen, gaizki baino. Ez genuen sakondu komantxeen historian, haiekiko harremanean, eta izena bera haien praktika espantsionistak salatzeko inguruko herriek jarri zietela bagenekien arren, akritikoki ulertu genuen. Gure iruditegia ere hango eta hemengo herri eta nazio ezberdinen elementuak halamoduz nahastuz eraiki genuen, birritan pentsatu gabe, bestetasun hutsal bat eraikiz, errelato hegemonikoari jarraituta.

Pentsatzeko ordua heldu zitzaigula ikusi genuen arte; konpartsa bezala argi dugu herri borroka eta erresistentziak babestu eta elikatu behar ditugula, eta hala egin izan dugu, eta egiten jarraituko. Gure inguruan indartzen eta sustraitzen jarraitzen duten mugimendu antiarrazistak izan ziren orduan entzute eta ikasketa prozesu honen bidean jartzera bultzatu gintuztenak.

2019an hausnarketa abiatu genuen konpartsakide eta hurbilekoen artean, Komantxeren orainaz eta etorkizunaz. Konpartsak izaterik bazuen eta, izatekotan, nola. Barnera zein kanpora begira, harreman ereduez, ekiteko moduaz. Gutxi espero genuen dena iraultzen amaituko genuenik eta, bi urteren buruan, gauden lekuan egongo ginenik. Eta horrek poztu egiten gaitu.

Pozten gaitu ez delako lan erraza izan, eta harrotasunez esan dezakegulako ez garela erosotasunean geratu. Erradikalak izan gara, erroetara jo dugu jo behar izan dugunean, eta ez gara kikildu dena hankaz gora jartzeko orduan; bidea, esan gabe doa, ez da beti samurra izan. Lehengo harriz etxe berria egitera gatoz-eta, sustrai berri eta indartsuak dituena.

Ez gara lehengo berdinak bidaiak aldatu gaituelako. Barnera begiratzera jarritakoan bota beharreko gauzak aurkitu ditugulako eta minez batzuetan, duda-mudatan askotan, ausart beti, bota egin ditugu. Guk geuk. Prozesua guk egin baitugu, gure tresnekin, besteren izen edo irudirik lapurtu gabe. Era berean, espero eta uste dugu gure ibilbidea besterentzat baliogarri izan daitekeela.

Hartara, konpartsa berrizendatzea bidaiaren amaiera izan da. Ez ginen lehengo berdinak eta, beraz, ezin izen berarekin agertu. Izena duenak izana du, eta berriak jaio garenez, eraberriturik agertu behar ere zuen aurrean.

Kranba! gara.

Kranba! ez dago hiztegietan. Kranba! kaleetan dago, kantoietan, arrakaletan, hausturan. Kranba! ekinean dago, gaizkidetzan, lurpeko errizoman, auzoetan, ukabiletan.

KRANBA! gara, eta oraindik okupatzeke daudenak oro okupatzera gatoz!