
2008-ko uda. Hilezkorra zirudien Iñaki Astunak Bilbo berea bailitzan kudeatzen zuen. Hiria turista eta burgesiaren gustura eraldatu, Bilboko Konpartsekin beti oldarkor ibili, gazteria errebeldearekiko jarrera paternalista garatu eta krisiaren erdi-erdian, Bilboko Udaltzaingoa militarizatu zuen. Bitartean, gazteria errebelde horrek, BOM-a sortua zuen (Bilboko Okupazio Mugimendua) auzo bakoitzean gaztetxe bat lortzeko asmoarekin eta okupazioa zein autogestioa Bilboko lehen lerroko eztabaidan jartzeko gogoekin.
Uda horretan eta eztabaida luze baten ondorioz, Bilboko Okupazio Mugimenduak Komantxe Konpartsa (gaur Kranba! konpartsa) sortzea erabaki zuen gaztetxe eta gazte asanbladen behar, desira, baliabide eta mezuak Bilboko jai esparru herrikoietan zabaltzeko.
Orduan, Okupazio Mugimendua gaztetxeek eta gazte asanbladek osatzen zuten batez ere, baina 2005eko Euskal Herriko Okupazio Kongresuaren ondorioz, Okupazio Bulegoa sustatzen hasi zen, eta etxebizitza okupazioan diharduten pertsona ta kolektiboen elkarsaretzea garatu zen.
Kranba! konpartsako kideak, gaztetxe eta gazte asanbladetatik etorri gara hasieratik, baina gero eta geihago, okupazioa eta autokudeaketan diharduten proiektu eta norbanako geihago gehitu dira Konpartsara, anitzagoa bihurtuz eta belaunaldi ezberdinak bateratuz.
