Konpartsa bat zertarako?

Marijaiazaleak

Bilboko Konpartsak dira Federazio baten bilduta, Bilbo mailako Jai Esparru Herrikoiak antolatzen eta sustatzen dituztenak. Aste nagusia, Ihauteriak eta bestelako uneak herrikoiak izateaz arduratzen den eragilea da, BK. Bertan, Koordinadora moduan antolatzen gara: lanak eta ardurak elkarbanatuz; Udaletxearekin harremanak zentralizatuz, indar bateratu bat bezala. Udaletxearekin eta moduko Bilboko beste eragile batzuekin kordinatzeko gunea, Jai Batzorde Mistoa deritzo, non, merkatarien elkartea, alderdi politikoak, udaletxeko jaietarako sailburua eta Bilboko Konpartsen Jai batzordea biltzen diren.

Jakingo duzuen bezala, Konpartsa bakoitzaren atzean, auzo antolakundeak, eragile sozialak, kolektibo politikoak, aisialdi eta kirol taldeak izaten dira sustatzaileak. Horiek, auzoetan gertatzen den bezala, jai eredu herrikoi bat lantzen saiatzen dira.

okupazio elkargunea

Komantxe (gaur Kranba!) sortu zenean, jai esparru horietan gaztetxe eta gazte asanbladetako hainbat gogo eta izaera ez zeudela ordezkaturik baloratu zen eta okupazioa zein autogestioa modu autonomoan ordezkatzen zuen konpartsarik ez zegoenez, gurea sortzea adostu genuen.

Okupazioa eta autogestioa, bizitzeko bestelako modu antikapitalistak zirela azaldu nahi genuen, eta horri lotuta, topagune bezala lan egin. Urtean zehar, gainera, Bilbo eta inguruetako proiektu autokudeatuei euskarri komunikatibo, baliabide fisiko eta legalak erraztu egiten dugu. Gune autokudeatuen arteko elkartasun espazio bat irudikatzea dugu helburu; pertsonalki ezagutzeko, eztabaidak zabaltzeko; asanbladak ez ezik bizitza uneak partekatzeko; gure sorkuntzak eta ideiak plazaratzeko; behar dugun momenturako baliabideak sortzeko; eta garrantzitsuena: Bilboko Jai Herrikoiak, gero eta herrikoiagoak bihurtu ahal izateko.

Jai herrikoiak ikuspegi antisexista, antiarrazista eta antikapitalistatik (besteren artean) eraikitzeko bide ezberdinak izango dira ziur aski, baina bistan denez, Aste Nagusia bezalako munstro-jaien norabide kontsumista, turismozalea eta ikusgarria (Guy Debord-ek zioen zentsuan) berbideratu nahi bada, Konpartsa bat izatea hautu garrantzitsua da horren bidean. Eta hori ezinezkoa bazaigu, gure asmoetan porrot egiten dugulako, behintzat bide horretan, gure okupazioa eta autogestioaren aldeko apostuak indarturik atera daitezela.