Azkenekoak 25

Txorimalo | Okupazio Bulegoa | Txirbilenea | Itzubaltzeta | Durangoko Azoka autokudeatua

Epa epa!

Berriekin gatoz barra-barra, inguruetako gune autokudeatuei buruz informatzera.

Asteburu honetan, azaroak 26, Algortako Txorimalo Gaztetxeak, bere eraldaketa prozesuaren 2. botea emango du: espazioa txukuntzeko auzolana 9:30etan eta ostean asanblada irekia izango dute.

Okupazio Bulegoak abenduaren 23an hartuko ditu oporrak eta urtarrilaren 13an irekiko ditu ateak berriro. Udazken amaiera egun berezia egingo dute, Txarraska gaztetxean Get In Room-a antolatuz, okupatzeko momentuan agertzen zaizkigun edo pairatzen ditugun beldurrak lantzeko. Gogoratu, ezustekorik izatekotan, edo bestelako kontsultak egiteko, baduzuela okupaziobulegoa@gmail.com helbidea.

Auzolanak gora eta behera, Txirbilenean eta Itzubaltzetako zelai errean topera dabiltza guneak atontzen. Txirbileneak ostegunero antoltzen ditu auzolanak 10:00etatik aurrera (elektrikariak, igeltseroak, iturginak…) eta Erromoko lagunek, abenduaren 8rako deitu dute auzolana, goizeko 10:00etatik.

Azkenik, Durangoko azokarako pare bat aste geratzen direlarik, DDT-k, Sare Antifaxistak eta Katakrakek antolatzen duten azoka autokudeatua egingo dela iragartzen dizuegu, abenduaren 7 eta 11 bitartean. Ez galdu!