ERRADIOGRAFIA
Badaramatzagu ia pare bat urte Konpartsaren gogoei, helburuei eta tresnei bueltatxo batzuk ematen, 2019an konpartsaren eta Bilboko okupazio mugimenduaren erradiografia burutu genuenetik. Ikerketatxo horretan, Okupazio ta Autogestio Mugimenduaren beharrak eta egoera aztertu genituen; konpartsaren indar eta gogoetaz aritu ginen; eta batez ere, gure lanaren ardatz diren, jai herrikoiak eta autogestio-okupazio mugimendua bultzatzeko tresna/metodoen sorkuntzan murgildu ginen.
GOGOAK
Hausnarketa horren ondorio dira esaterako, 2020an Maravillasen aldeko ekimenak saretzeko asmoa, Pandemiak ekimen gehienak bertan behera utzi zituen arren; Itsasadarreko Gune Okupatuak elkartopatu/elkarlaguntzeko dinamiketan parte hartzea (ez soilik Aste Nagusian eta Okupazio Bulegoarekin dugun harremanaz haratago) eta inoiz baino gehiago arriskuan dauden espazioen defentsan komunikazio lanak egitea eta jendea mugiaraztea; Inorkeriak/Arauhausteak bultzatzea (euskal inauteri punk-antidesarrollista), arauak iraultzen ondo pasatzeko, euskal ihauteriak ikuspegi antikapitalista eta antiarrazistatik birjabetzeko… ta puntu honetan zuetako lagun askok seinalatuko diguzue zorroztasunez baina egoki:
IZENA TA IRUDIA
-Antiarrazistak zuek? Ez al zarete zuek “INDIOZ” janzten eta Ipar Amerikako natiboen irudi esterotipantean oinarritzen, ala?
-Ba bai, egia duzue, “INDIOZ” mozorrotu GINEN behin baino gehiagotan. Eta esterotipantearena baita, horren asmoa ez genuen arren. Ta horretaz ere hausnartu dugu. Inorkerien planteamenduarekin bat, arrazakerien inguruko autoformakuntzak garatu ditugu 2020an, ez soilik jantzi-mozorro-apropiazio kontuetaz hausnartzeko, baizik eta gure iruditegi okzidental koloniala eraisten hasteko, horrekin batera datorren guztia deseraikitzeko asmoarekin. Ez da bide erraza izango, badakigu, baina nonbaitetik hasi behar, eta behintzat norabide berriak hartuak dira ildo horretan, adibidez, ikusgarriena dena baina ez garrantzitsuena, KONPARTSAREN IZENA ETA IRUDIARI BOLKETE EMANGO DIOGULA. Laster, info gehiago!
LUBAKIAK
Bestetik, gogotsu gaude, dagoena dagoela ikusita, Jai Esparru Herrikoietatik Autogestiozaleon komunitatea indartzeko, eta bide horretan dauden kideekin lubakietan ospatzeko.
Lubaki horietan ikusten ditugu EZLN-ko kideak, Europa Zaharkitu honetara etorriko diren urtean, uda aldera haiekin topatu eta elkar-entzuteko gogoekin. Beste lubaki baten etxebizitza sindikatuen eta langileen autodefentsarako tresnen azaleratzea ospatzen dugu, zeinek etxebizitza eta klase elkartasuna birpolitizatuz dato(rr/z)en krisialdiaren baitako borrokan auzo eta herrietako ardatz garrantzitsua izango direlarik. Eta bereziki hurbiletik jarraitzen ditugu gaztetxeen autodefentsarako tresna ta sareen inguruko eztabaiden lubakia, konpartsa sortu zenetik (B.O.M.), giroa ez zegoela hain interesgarri! Ez da lan makala okupazioaren babeserako tresnen gaia aho guztietan egotea.
Lubakietan komunikatzeko tresnak behar ditugula ere badakigu, eta sare sozial kapitalistez gain, gure bidelagun lehenetsiak dauzkagu: Irola Irratia gaztetxe eta etxebizitza okupatuen sukalde guztietan entzun dadin lan egingo dugu!
Lubaki instituzionala daukagu ere, jakinda Aste Nagusia modu herrikoian antolatzeko aukerak sortu behar direla, eta horretan Bilboko Konpartsak izango dira bidaideak. Datozen urteetarako prestatzen ari gara!
Lan-ildo hauetan laguntzeko gogoak badituzue, eta konpartsaren abentura honetara animatzen bazarete, badakizue non gauden!
Gora Marijaia aske ta basati!
