Aste Nagusia 🌪

Bilbotarron Jai Nagusia. Askatasun, gozamen, eta adierazteko gogo herrikoitik jaioa, espainiar estatu frankistaren demokrazia burgesaren hastapenekin batera. Milaka pertsona, euren auzoetatik, antolakunde herrikoietatik hiriaren erdigunean topatu ziren desirak eta gorrotoak partekatzera. Elkarrekin Bilboko uriaren aro gatazkatsu berri baten jai herrikoiak osatzera.

40 urte pasa dira egun horietatik, eta Aste Nagusia asko aldatu egin da, baita antolatzen duen eragilea ere, jendartea egituratzen duten nahi, gatazka eta harremanekin batera. Indibidualtasuna, kontsumismoa, ikuskizunkeria, diru ta pantaila bidezko harremanak, boterearekiko menpekotasuna… ez dira gaur agertu berri diren gaitzak, inoiz baino hedatuagoak dauden herri-gaixotasunak baizik.

2008an, Komantxe konpartsa (gaur Kranba!) sortu zenean, gaixotasun hauek gehienak aurreikusita, gaztetxeetan sortutako kontrakultura, moduak, baliabideak, eta mezuak plazaratu nahi genituen. Autogestioaren, “zuk zeuk egizu” leloaren, okupazioaren eta gaztetxeen defentsaren imaginarioa zabaltzeko.

Gaur, Aste Nagusiarekiko dugun gogoa berdina izaten jarraitzen du. Herritik eta herriarentzat den Aste Nagusi bat. Askapen grinak eta autoritarismoekiko nazka elikatuko dituena. Gure artean egindako akatsak zuzentzeko balio duena. Aste Nagusi Herrikoi bat.

Bide horretan dihardugu guk, intentsitate eta erritmo ezberdinekin, bai, dauzkagun baliabide guztiak erabilita eta berriak sortzeko asmoarekin.

Gora Marijaia, aske, basati ta lotsagabea.