Azkenekoak 8 / NeoNormaltasuna(-k/-ri) egurra

Talka // Okupazio Bulegoa // Irratien 1. katetzar iberikoa // Aste Nagusia

“Normaltasun berria”, “guztion artean lortuko dugu”, “heroiak”, “egoera zaurgarrienean daudenei lagundu”, “zaintzak bermatu”, hedabideetatik jasotako eufemismo eta autoritateen hizkuntz iruzurtian txertatutako hitzak dira. Hitzon benetazko helburua bizi baldintzen txirotzea (are gehiago) ezkutatzea, elkarbabesaren bideak oztopatzea, osasun langileen lan-baldintzak okertzea eta errepresioaren aurpegia garbitzea lirateke.

Azken honen ondorioak agerian geratu dira azken hilabeteetan hainbat auzoetako militarizazioarekin eta bizilagunen atxilotzearekin, alarma egoera aitzaki. Bestalde, gune autokudeatuei dagokienez ez da errespetatu Alarma Egoerak berak desalojoak eta kaleratzeak bertan behera geratzearen agindua, Donostiako Fires fabrika okupatuaren desalojo saiakerarekin ikusi dugun bezala, Iruñeako etxebizitza Okupatuen desalojoarekin, eta atzo bertan (maiatzak 8), Gasteizko Talka Gune feministaren hormatze eta kideen atxilotzearekin. Burgesiak eta bere morroiek egoerak sortutako babesgabetasuna aprobetxatu dute haien klase-interesak gauzatzeko. Bi hilabetez itxialdian jasotako zorabio eta buru-jatearen ondoren, zaurgarritasuna aprobetxatu dute gaztetxe eta etxebizitza okupatuak desalojatzeko, kaleak runner eta erosle amorratuez betetzen doazelarik.
Erne lagunak! Egoera arin aldatzen da! Gure guneak defendatu, biziberritu eta indartu beharra daukagu!

Itxialdia hasi zenetik Okupazio Bulegoa modu telematikoan mantendu da posta elektronikoz eta telefonoz aholkularitza eskeiniz. Hala ere, hona berriro kontaktua behar izatekotan: okupaziobulegoa@gmail.com. Pelota kaleko Ekoetxeak arreta publikoa ireki bezain laster zuekin izango dira berriro.

Egunerokotasuna iraultzen mantendu direnak Irola Irratiko kideak dira. Programazio berezia sortu dute eta  beste irrati askorekin lotu dira horretarako. Salbuespen egoera ardatz, ahotsa ematen diote klase langileko kide guztiei, emakume, migrari, ikasle eta disidente orori. Hori ez bakarrik, bihar, maiatzaren 10ean, Katetzar Iberikoa jarri dute martxan, non estatuko irrati libre geihenek programazio bateratua sortu dute egun osoko maratoian. Ez galdu! irrati-libreen-lehen-iberiar-katekada-datorren-maiatzaren-10ean

 

 

Neonormaltasunak bertan behera utzi ditu ere auzo eta herrietako jai herrikoiak. Dakigunez, maiatzaren 11an Eusko Jarularitzak azalduko ditu ekimen hauen inguruan hartuko diren neurri eta nondik norakoak. Komantxe Konpartsa, Jai Herrikoien aldeko eragile moduan, eta Bilboko Konpartsen Federazioko kide den heinean, jo ta su dabil (beste guztiak bezala) Aste Nagusiko programazioa lotzen eta garatzen urtero lez. Gure gogoa argia da, eta Aste Nagusia burutzekoaren aldekoak gara, gure kide eta langile klase osoaren zaintza eta osasuna bermatzen den heinean. Jaiak komunitatearen lanaren adierazle bezala ulertzen ditugu, non elkartasunean eta elkar zaintzan oinarriturik, komunitatearen gogoak azaleratzen diren. Aukera asko daude, eta irudimena gure alde dago. Inoiz imajinatu ez dugun Aste Nagusia burutzeko aukera dugu.
Autogestioan oinarritutako ideirik bai? bota hemen!

← Back

Your message has been sent