NeoNormalitate bortitza

NeorNormalitatea normalitatea baino hobea ez zela izango bagenekien. Hala ere, zorabio eta gaininformazioak ilusio eta itxaropen moduko zerbait instalatua zuen iruditegi kolektiboan. Errealitateak bortizki jo du. Orain dela egun batzuk gaztetxeen desalojo arrisku orokortuaz ohartarazten genuen, Fires, Leninen Txokoa eta Talka guneetako jazarpen eta desalojoak kasu isolatuak ez zirela, hain zuzen ere.

Aste honetan, Erromoko Itzubaltzeta gaztetxea desalojatu du udaltzaingoak EAJ-k aginduta eta osasun larrialdiaz baliaturik. Jabego publikoa dela argudiatuz, eta eraikina bota behar dutela eta, autoritarismo erakustaldi bihurtu dute auzia. Gaztetxeko asanbladak arduraz jokatu du, eraikinaren desinfekzioa bere gain hartuz, baina udaletxeak autoritatean oinarritutako egoera ezarri ditu.

Bestalde Gasteizen, udaltzaingoak larrialdi egoera aprobetxatu du etxe okupatu baten aurkako desalojo prozesu bat abiatzeko, eta Argiako kazetaria gertakariaz berri ematen zegoela, mugikorrarekin argazkiak egitea galarazi nahi izan diote, prentsa askatasuna argiki urratuz.

Zaurgarritasun egoera honetan, gune askatuen defentsarako tresna eta jarrerak garatu behar ditugu, legalki alarma egoeran bizi izango baikara luze eta sozialki, are luzeago.

Hala ere, ez direnez denak berri txarrak izango, jakin ezazue aste honetan  DDT Banaketak info-denda berriro zabaldu dutela, eta betiko arratsaldeko ordutegian daudela.