Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladetako kideei, Zarauzko Putzuzulo gaztetxera bertaratu zaitezten martxoaren 15ean, igandea, 17:00etan.
Hamaika dira Euskal Herriko gaztetxeetan azken urteotan ereindako haziak, baita loratu diren ekimen zein proiektuak ere. Urte luzez gorpuztutako gaztetxeek zein bideari ilusioz heldu berri dioten gaztetxeek osatu dute egungo mapa, tokian tokiko lanaz elikatua. Bide luzea egin dute dagoeneko gaztetxeek, eta halakoxea da aurretik dugun bidea ere: luzea eta erronkaz betea.
Erronka eta helduleku ugari ditugu parez pare, baita kezkak eta zailtasunak ere sarri: desalojo arriskuan dauden gaztetxeak, ziurgabetasun eta babesgabetasun egoerak, lan politikoa egiteko oztopoak… Gaztetxeetako kideok badugu deitura eta lotura erabakigarri bat, partekatua dena: gaztetxeetan egiten dugu lan eta bertan antolatzen gara. Gure etxeetan sortzen dugun indarrak, edaten du ondoko etxeko kideek sortzen duten indarretik, eta alderantziz.
Hortaz, partekatuak dira gaztetxeetan bizi ditugun erronka eta problematikak ere; oztopoak, kezkak, zalantzak, ideiak. Gaztetxeen indarguneen ingurukoak, gaztetxeetatik egin beharreko lan politikoari buruzkoak, antolatzeko moduari eta parte hartzeari buruzkoak, eta abar luze bat.
Egun ere hamaika eztabaida daude gaztetxeetako mahaien gainean, eta Euskal Herrian sustraitua egon den tradizio bati berriro heltzeko gogoz jotzen dugu zuengana: elkarrekin eztabaidatzeko tradizioa. Urteak dira ez dela Euskal Herriko Gaztetxeen Topaketarik egiten, eta elkarrekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko unea betierekoa izanik, berriro behar horri erantzuteko ordua izan daitekeelakoan gaude.
Beraz, dei egiten dizuegu Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladetako kideei, Zarauzko Putzuzulo gaztetxera bertaratu zaitezten martxoaren 15ean, igandea, 17:00etan. Euskal Herriko Gaztetxeen Topaketak berriro antolatzeko jotzen dugu zuengana, elkarrekin hitz egin dezagun gaztetxeen orainaz zein etorkizunaz, eta eztabaida politiko horiek emateko eszenatokiaz.
Laster elkar ikusiko dugulakoan… Lagundu deialdia zabaltzen!

