Azkenekoak 3

udaburua | okupazio bulegoa | tatuaia talegeroak | E28- Harro | Errekaldeko gaztetxe eguna | Kinpuletxe Gorliz

Atzo ekainak 21, udaburua ospatu eta udari hasiera eman zitzaion Astika Herrian, Eguzkiaren omenezko errito eta ekimenak plazaratuz. Lagun ugariren konpainian, antzerki, performance eta zirkua izan ziren sua piztearen aurre solasak, non denbora kapitalista, teknologiarekiko menpekotasuna, erritoen kolonizazioa eta gure gorputzen jabetasuna izan ziren gaiak. su eder bat piztu ostean, txalapartak eman zien pasu kontzertuei.

Uda hasi, eta okupazio bulegoak ere bere ateak ixten ditu irailera arte. Hala ere, urgentziazko kontsultak edo arazorik izatekotan badakizue: okupaziobulegoa@gmail.com-eko sarrera ontzia maiz begiratuko dute.

Ta ekainaren amaiera indartsu datorkigu ekimen eta borroken partetik. 28-29-30, 7 KAtun izango dira espetxeen kontrako jardunaldiak eta tatuaia talegeroak, kontzertu, bakarrizketa, hitzaldi, bazkari eta distriak izango dituztelarik. 28an ere, ez ahaztu, Harrotasunaren eguna dela, eta E28 koordinadorak manifestazioa antolatzen duela homo-lesbo-trans-fobiaren aurka.

Aste bat geroago, ostegunean uztailaren 4ean, Errekaldeko Etxarri gaztetxeak auzoko jaietan sartuta, gune askeen aldeko eta desalojoen aurkako elkarretaratze-kalejira antolatuko dute. Gu han izango gara, ta zuek?

Bukatzeko, gure besarkadarik beroena helarazi nahi diegu Gorlizen okupatzera ausartu diren gazteei, eta munipen onespenarekin, jabe espekulatzaileen jazarpena jasan behar izan dutelako. Hemen osoki euren idazkia. Aupa Kinpuletxe! Eutsi!

“Duela aste batzuk herriko zenbait pertsona Kinpulene kaleko 47.zenbakiko etxe hutsean sartzea erabaki genuen etxebizitza gisa erabiltzeko. Etxe hau duela 20 urte Irastorza familiarekin Construcciones Lanbide SL konstruktoreak eraiki zuen eta ordutik ez zaio inolako erabilpenik eman.

Gure asmoa han bizi proiektu bat garatzea zen eta horretarako etxea atontzen eta garbitzen egon gara.

Duela bi egun herriko munizipalak gu identifikatzera gerturatu ziren. Ostean, Irastorza familiako kide bat gerturatu zen bi lagunekin gu mehatxatzera. Gau horretan bertan, ordu batak aldera, ertzainak etorri ziren berriro ere gu identifikatzera modu oldarkorrean.

Gaur goizean, Irastorza familiako hiru semeak, haien lagun bat, konstruktorako langile batzuk eta zerrajero bat etorri dira Gorlizko Udaltzainekin batera. Hiru semeak eta laguna modu oldarkorrean, bultzaka eta ohiuka sartu dira etxera gu kanporatzera. Gutako kide bat erasotu dute, lepotik heldu eta kamiseta apurtu diote eta zauri arinak eragin dizkiote.

Guzti hau Gorlizeko Udaltzainen presentziapean gertatu da, hauek geldirik begiratzen gelditu direlarik haien pasibitatearekin erasotzaileak babestuz. Hau gutxi balitz, etxean genituen liburuak, jakak eta beste zenbait gauza leihotik bota dituzte. Udaltzainek ezer egingo ez zutela ikusita eta lesioak, agresioak, irainak eta umilazioak zilegitzen zituztela ikusita, guk eskatu diegu ia mediatuko zuten, baina inongo asmorik ez zutenez Ertzainak deitu behar izan ditugu.

Ertzainak hauekin hitz egin ostean etxetik irten dira mafiosoak. Baina hurrengoan bortitzago itzuliko diren mehatxupean. Hori dela eta, arratsalde osoa guardian eman behar izan dugu. Eskertu nahi ditugu Kinpuleneko auzokideak gugana izandako jarreragatik eta gerturatzeagatik.

Hau esanda, azpimarratu nahi dugu Gorlizen bizitzea eta emantzipatzea ia ezinezkoa dela alokairuen prezioa altuegia delako eta erostea amets bat, hainbat etxe hutsik dauden bitartean. Hau guztia Irastorza familiaren konstruktora bezalako mafia espekulatzaileei esker, zeinak haien diru goseaz itsututa gure bizi proiektu komunitario eta askeak zapuzten dituzten.

Amaitzeko, ez ditugu onartzen Irastorza familia bezalako mafiek herriko jendea mehatxatzea eta gu erasotzea 20 urtetan hutsik egon den etxe batera sartzeagatik. Era berean, ez ditugu legez kanpoko teknika mafiosoak babesten eta zilegitzen dituzten Udaltzainak onartzen.”