Sukar Horia kolektiboaren irakurketa

Sukar Horia transizio energetikoaren aldeko kolektiboa da.

Jarraian, talde ekologistak koronabirusaren harira sortutako ezohiko egoerak bultzatuta zabaldutako hausnarketatxoa uzten dizuegu:

1) Giza espeziea espezie zaurgarria da. Ekosistemen alderdi txikienek, birusek alegia, hala dela frogatzen ari dira. Azken finean, izaki bizidun guztiak bezalaxe, ekosistemen menpekoak gara, ekodependienteak. Horregatik, gure ongizatearengatik planetarekin iraunkorra den gizarte eredu baten alde egitea premiazkoa da.

2) Egun eta aste hauetan zehar, mundu mailako CO2 isurketek behera egin dute lehenengo aldiz 2007/08tik. Hau da, Sistema kapitalistaren krisiak planetako ekosistementzat eta bizitzarentzat arnasguneak dira… Zer pentsatzea ematen du horrek, ezta?

3) Klima aldaketa bezala, Koronavirusa gelditzea guztion ardura da, baina erantzunkizun ezberdina dugu herritarrok edo ardura publiko bat dutenek. Ildo horretan, arduragabekeria politiko hutsa da herritarroi kalera ateratzeagatik isunak jartzea eta enpresa handienak ixteko agindurik ez ematea. Berriro ere etekin ekonomikoak pertsonen osasunaren aurretik, noiz arte? Modu berean, ez dugu uste Espainiako Indar Armatuen erabilpena eta diskurtso beliko bat erabiltzeak souzio ona direnik. Gainera, ez al da posible lan hori suhiltzaileek egitea?

4) Zerbitzu publiko duinen garrantzia agerian geratu da, baina haien alde borrokatu behar dugu: osasun publikoko murrizketak, osasun langileak gaixotzera daramatzan material falta… Oraindik sinisten duzu euskal oasiarena?

5) Inbisibilizatuak badaude ere, zaintza lanak ♿️ ezinbestekoak dira. Ildo horretan, herriz-herri autoantolatutako zaintza taldeak eredugarriak iruditzen zaizkigu, baita orain arte elkar ezagutzen ez zuten auzokideen arteko harremanen ernetzea ere.

6) Itxialdia gero eta gehiago luzatu, orduan eta inpaktu ekonomiko handiagoa. Bitartean langile eta herritarron eskubideak defendatzeko exigitu behar diegu Gobernuei (argi itzalaldiak, kazeroladak…), eta guzti hau amaitzen denean, kalera irten beharko dugu herritarron interesen alde!

7) Egun hauek sormenerako, maitasunerako, irakurketarako eta ludikotasuna lantzeko egunak ere badira. Ohiko kontsumismoan erori ordez, gure aisialdia berasmatzeko aukera ezinhobea dugu!

8) Etor daitekeenari aurrea hartuz, imagina ditzagun gure ekonomia eta bizitzak modu sinpleago batean. Bada garaia elikadura, energia, garraioa, erabakiguneak, dirua… modu lokalago batean pentsatzeko (eta mesedez,baten batek azal diezaiola Arantxa Tapiari ekonomia zirkularrak ez duela “instituzioak-entxufismoa-etekin ekonomiko pribatuak-instituzioak…”zurrunbiloarekin zerikusirik!)

9) Garai berriak datoz… bilaka ditzagun ziurgabetasunak gizarte hobeak eraikitzeko aukerak, eta Galeanok esaten zuen bezala, utz dezagun ezkortasuna garai hobeagoetarako!

Eutsi goiari!