Gorlizko Kinpuletxe hutsarazi dute

Otsailaren 20an kaleratu zituzten

Kinpuletxeko kideek honako komunikatua plazaratu dute:

Gaur, Otsailak 20, Kinpulene kaleko 47 zenbakiko etxetik kaleratzen gaituzte. Azken zortzi hilabeteetan, hogei urte luzez hutsik egondako etxe honi bizitza eman diogu espekulatzaileek ezagutzen ez dituzten bi trikimailuren bidez: erabilera eta auzolana. Azken zortzi hilabeteetan, gure ortuan hazitako barazkiak dastatu ditugu, bisita mordoa jaso ditugu egun lasaietan eta are elkartasun gehiago egun gatzetan, etxeko espazio komunekiko lotura sortu dugu… elkarbizitza proiektu alternatibo bat eraikitzea izan da gure asmoa.

Hasieratik genekien etxe huts honetara bizitzera sartzeak prozesu judizial bat ipiñiko zuela martxan. Hala ere, gu marko judizialetik kanpo jabeekin kontaktua sortzeko eta akordio batera heltzeko saiakerak egin ditugu, baina nahiago izan dute etxea beste hogei urte hutsik egoteko aukera mantendu. Okupazioa larritzen zaituztenoi, ez zaituzte asaldatzen etxe hutsak edo etxe gabeko jendea egotea?

Inoiz baino gehiago, argi daukagu duela zortzi hilabete okupatzeko hautu politikoa egitean zuzen geundela. Alde batetik gu, soldata baxuekin, langabezian, kutxazainetan hotzez hiltzen, emakume izateagatik baldintza kaxkarragoetan, gurasoen etxetik irten ezinik… Bestean, alokairuen prezioak neurririk gabe gora, etxe hutsak, espekulazioa. Honen aurrean, okupazioa eta erabilera bizitza duinak eskuratzeko tresna zilegitzat aitortzen ditugu.

Uribe Kostan etxebizitza eskubidearen alde lanean jarraituko dugu.

Un desalojo, otra okupación!

Etxe huts guztien zarrailak ditugu