Urriak 25-26, Txirbilenean
#AN19Balorazioa #ArauHausteak19Balorazioa #BK-Jaiba-Kordi #KMTXRaDioGraFia #OAM #KMTX19-20JaiUrtea
Aizu!
Jabetza pribatuaren aurkari umoretsua!
Jai herrikoien zaindari burugogorra!
Askatasunaren ikertzaile sutsua!
Lubaki beroen sortzaile maitagarria!
Bai, zu,
Menperaldien etsai basatia!
Kontraesan korapilatsuen askatzaile lasaia!
Inertzia zoroen apurtzaile irudimentsua!
Desira kolektiboen koblakari asaldatzailea!
Elkartasunaren ereile zorrotza!
Zuek denak, gonbidatuak eta beharrezkoak zarete, datorren urriaren 25-26 asteburuan burutuko den Bilkura Orokorrean.
Pasa den jai-urtearen hasieran bezala, negu gogorra datorkigu, baina ez horregatik edertasun eta gozamen gutxiagokoa. Abentura zaharrak sendotzeko aukerak, berriak abiarazteko, lagun berriak aurkitzeko eta beti bezala, eginbehar mingotsak su goxoan prestatzeko denbora izango dugu.
Jakingo duzuenez eta urte osoan jorratu dugun bezala, Komantxe-OAM-Jai Esparru Herrikoiak aztergai duen ikerketatxo bat burutu dugu, non konpartsaren hastapenak, OAM-aren zein Jai Herrikoien gaur egungo egoera eta hauekiko jarrerak aztertu ditugun. Momentua da erabakiak hartu eta konpromisoak gorpuzteko konpartsaren bizirautearen bidean.
Ihauterien eta aurtengo aldaketen inguruan solas egiteko ere aukera izango dugu, hala nola, datorren jai-urterako antolaketari buruz.
Topatzeko lekua ziur aski, Sestaoko Txirbilenea izango da, aspalditik baititugu lagun konpartsakideak eta ateak betidanik ireki dizkigutelako. Asanbladara etorri nahi izatekotan, jarri gurekin kontaktuan eta gaien zerrenda helaraziko dizugu. Bertan jan eta lo egiteko aukera izango da.
Sutondoan topatuko garelakoan, izan untsa, egin maitasuna eta borrokatu boterea.

