Azkenekoak 6

Astikako Jaiak | Alarde Antifaxista | TOSU itxiera jaia | Kontzertuak Udondon | Hego Uribeko Urriko Martxa | Txirbileneak 7 urte

Goazen pausoka:

Urriak 12, badirudi unibertsoak bere burua lehertuko duela, eta hala ez bada, gure gorputzek egingo dute ziur. Espainiar kolonizazioa irudikatzen duen egunean, hainbat ekimen antolatu dira euskal herrian zehar, haien artean, Bilbon burutuko den Alarde Antifaxista, atzoko eta gaurko antifaxistei omenaldi gisa. Kale Nagusian zehar, euskal gudarosteko batailoietaz jantzita, gaurko antifaxista askok hartuko dute manifestazio baten burua, bizitzen ari garen faxismoaren gorakadaren aurka antolatu beharra aldarrikatuz. Arratsaldeko 18.30ean Bihotz Sakratu plazatik.

Alardeaz aparte, Astika Herriko biztanleek jaiak ospatzen dituzte eta egitarau oparo bat antolatu dute horretarako: kontzertuak, antzezpenak, Astikaganera mendi martxa gaupaseroa, djak, Gartxot, elkartasun Bingoa… Jasango al duzue? Urte askotarako Astika!

Tosuko lagunek ere, ziklo baten amaierara iritsi omen dira eta lagundu duten guztiekin ospatu nahi dute Txorimalo gaztetxean egingo den jai honekin.

Ta jai nahikorik ez baduzue, Udondon ere autofinantziaziorako kontzertuak antolatu dituzte :)

Ez etsi, lagunok, hurrengo asteetarako mamia ere badaukagula eta. Batez ere Bilboko ingurune industrialean. Alde batetik, Sestaoko Txirbileneak (Labe Garaiak) bere 7. urteurrena ospatuko du lagunen artean urriaren 19an eta bestetik, Hego Uribeko ekimenik interesgarrienetakoa dugu, Urriko Martxa, hain zuzen ere. Eskualdeko gazte errebeldeek antolatua, Langile memoria eta antifaxismoa jorratzen dute asteburu oso baten zehar. Hitzaldiak, dokumentalak, ibilaldiak, bazkariak, Zaratamotik Galdakaoraino SanMigel eta Basauritik pasata. Irteera, urriaren 25ean Arrigoko tren geltokitik. Aupa Zuek!