Okupazioaren Aurkako Eraso Artikulatu Berria #EnekurikoLagunak

Orain hilabete, Enekuriko (Erandio) etxe baten sartu ziren lagun batzuk. Eraikina 5 urtez egon da hutsik, eta lagun hauek haien etxebizitza arazoa modu duin baten konpontzearren okupatu zuten.

Jabea (Lemoatx Servicios SL) ostegun arratsaldean azaldu zen etxeko atarian, mehatxuka. Alde egin eta hurrengo egunean jarrera oldarkorrez etorri ziren morroi batzuk eta inmobiliariaren (DecoArtHome, Orbanelec SL) arduraduna. Morroiak etxe ondoko jatetxe abandonatuan sartu eta dena apurtzen hasi ziren, zarata eta beldurra auzoan zabalduz. 3 egunez egon dira baldar horiek eraikina barrutik apurtzen gau ta egun. Jabeak, salaketa bat jarri dezake epaitegian noski, eta legedi burgesak ziur aski arin emango liokela konponbide bat, baina, jabe on batek ez du legean sinisten. Jabe on batek bestelako tresnak ditu. Horregatik, jabeak uste du indarkeria eta beldurra erabili ditzakeela gazteak etxetik botatzeko.

El Correo-ko sasi-kazetari bati deitzea otu zaio oraingoan, eta horrek euskal telebistaren arreta deitu du. Eta agian, horrela, mehatxuekin, indarkeriarekin eta gezurrak lau haizetara hedatuz, gazteei beldurra sartuko zaie eta ospa egingo dutela uste du jabeak. Usteak erdi ustel.

Gazteek ez dute beldurrik. Gazteak ez daude bakarrik. Gazteek auzobizitzan sinisten dute. Eta auzokideek badakite nortzuk datozen auzoari bizitza ematera eta nortzuk auzoarekin espekulatzera.

Polizia, komunikabideak, jabegoak eta morroiak erreakzio faxista hauspotzen saiatuko dira behin berriro. Ez diezaiogun utzi.

Ekin auzodefentsari.

doazela haiek kanpora!